|
"Juan Ramon Makusoren Hiri
gorazarrek poesiaren ikuskera berri bat dakarkigula
esatea lartxo da, behar bada. Ez da lehen aldia pentsamendua
eta lirika bata bestearen zerbitzura jartzeko uztartzen
direla, edo poesiaz jantzitako hausnarketa opatzen
zaigula. Hala ere ez da sarri aurkitzen "Hiri
gorazarre" moduko libururik. Itzelezko irudietara
ohituak, ahaztu xamar izan ditzake euskal irakurleak
Makusok proposatzen dituen bideak, eta liburuak dakarren
erritmo erregularra.
Izan ere, zuzenean bihotzera
doan poesia ez da poesia egiazko bakarra. Makusok
frogatu digu, beste behin, belarrira xuxurlatu eta
adimena hartzen digun poesia ere dastatu behar dela
noizean behin, eta ahaztu xamar izaten dugula hori
maiz. Ariketa sanoa dela, alegia, poesiarena bezain
filosofiarena. Erromantiko eta xaloa, Hiri gorazarrek
izkin egiten die ideial altuei zein hitz-aspertu grisari.
Agian horregatik da hain gozoa esku artean hartzen
denean: idatzi behar denaren eta idatzi nahi denaren
arteko oreka beti zailean, Makusok ez duelako poetika
ukatzen, baina era berean ez duelako mezu zehatza
metaforen zailtasunean galtzen uzten.
Idazten duenean, Makuso ez da
odolusten. Entzun dezagun nahi du. Horregatik liburu
honetan nekez kausituko du irakurleak garrasi urragarririk
edo fereka amultsurik. Erdibideko poetika neurtu eta
bikain baten bitartez, ametsera baino areago bizitzara
hurreratzen gaitu errenteriarrak. Beti normal antzera
igarotzen den bizitza sinestezin bat daramagulako.
Sorpresa zein absurdua bazter guztietan dauzkagulako
zain, hain zuzen horregaitik idatzi behar da batzutan
ahal denik eta artezen, ahal denik eta dotoreen".
Igor Estankona
"Zalantzarik
gabe, zer esana emango duen poeta baten aurrean gaude.
Poeta berria, baina ez gaztea, gurean ez ohikoa dena.
Bere poesiak argi erakusten du hori. Makusoren eskarmentua
eta ondarea zabala da, anitza, aberatsa, sakonera
handikoa, polisa eta ziutatea maisuki uztartzeko gai
dena. "Hiri politikotik hiri poetikora"
artikuluan gogorarazi zigun bezala, gizakiaren berezko
etxea da hiria, gizakiaren arteko eraikuntza, gizakiak
egina gizakiarentzat. Tamalez, hiriari bizkarra emanda
bizi da, egun, gizakia; eta hiriari ematen dion neurrian,
baita bere buruari ere. Kontraesan bikoitz horren
pitzaduretan murgildu da Juanra "Hiri gorazarre"
poema-bilduman".
Aritz
Gorrotxategi Mujika
|
 |
Juan
Ramón Makuso Mujika
Errenteria, 1961 |
Lezon bizi da. Donostiako Filosofia fakultatean (Zorroaga)
Filosofiako ikasketak burutu zituen. Fray Juan de
Zumarraga-Durango BHIan Filosofiako irakasle bezala
dihardu. Ontologiako Nazioarteko Kongresuaren antolatzaile
batzordeko kidea da. Komunikabide ezberdinetan kolaboratzaile
lanetan aritu da.
Bibliografia: 1998an beste hainbat egilerekin batera
besatari argitaletxeak plazaratutako Pentsamenduaren
erresistentzia liburua argitaratu zuen. 2004ean eta
ediciones betaren eskutik Bizitzeak hil egiten du
poesia liburua argitaratu zuen.
|