|
Elea Argitaletxeak eta Elorrioko Txintxirri Ikastolak
bultzatutako lan honek Bizkaiko hamar idazle iaioen
lanak biltzen ditu. Itxuraz ez daukate lotura tematikorik,
idazle bakoitzak askatasun osoz landu baitu bere kontakizun
propioa, narrazioaren beraren mesedetan. Baina liburua
literaturatik haratago doa, eta idazleen konpromiso
etenbakoa arnasten da hor, lerro artean. Bizkaiko
Ikastolen helburuekin bat datoz idazleak ere: euskara
bultzatu eta euskal kultura sustatu.
Honela, irakurleak Unai Elorriaga, Julen Gabiria,
Gotzon Hermosilla, Gontzal Mendibil, Leire Bilbao,
Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Jon Arretxe, Manu
Etxebarria eta Arrate Egañaren testuekin gozatzeko
aukera izango du. Ipuin arin eta ulerterrazak, euskara
ederrean idatziak, batuaz zein bizkaieraz. Edonola
ere, garai nahasi hauetarako pilula aproposa.
XXI. mendeko Ikastola eraikitzen
Liburu honek zenbait idazle bizkaitarren kontakizunak
batzen ditu; idatziek ez daukate euren arteko elkarloturarik,
baina irakurleak ikuspegia zabalduz gero, letren artean,
aparteko zentzu berezia aurkituko du. Puzzle baten
antzera batu eta euskal literaturak Elorrioko Txintxirri
Ikastolari ematen dion "muxua" sentitzen
dut. Zabaldu begiak eta kontaketa bakoitzean, istorioen
azpitik, ikastolen proiektuaren ardatz nagusietako
batek isla zuzena duela atzemango duzue: euskara eta
euskal kultura ezagutu, maitatu eta zabaltzearen erronka,
alegia.
Elorrioko Ikastolak 2006an herritik mundura eta mundutik
herrirako Ibilaldia egin nahi du, norabide biak jorratuz;
horrela, urratsez urrats, gure identitate izaera sustrai
sendoetan errotuz, aldapan gora abiatuko gara, suertatzen
diren oztopoak saihestuz eta gero zubiak edonora eraikiko
ditugu, beti pentsatu izan baitugu aniztasunak aberastu
egiten gaituela eta mugak irudimenean dauden marrak
besterik ez direla.
Bide honetan zehar tipi-tapa goazelarik, tarteko
helmuga bat daukagu: 2006ko maiatzaren 28an Ikastolak,
batzen gaituena lelopean, Ibilaldia ospatuko du, euskararen
jaialdi nagusietako bat; aukera aparta euskararen
alde gauden guztiok elkarrekin bidea egiteko. Elorrioko
Txintxirri Ikastola aspaldi hasi zen bere bidea egiten,
1968an, eta geure izerdiak bota arren fresko-fresko
dihardugu kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen.
Ibilaldiarekin geure proiektua sendotu egingo dugu,
Ikastola XXI. mendeko bailaran kokatuz.
Azkenik, idazleei bihotz-bihotzez eskerrak ematea
baino ez zaigu geratzen.
Gonbitea egina dago: maiatzaren 28an danok Elorrixora!
Iñaki Erroz Aizkorbe
(Elorrioko Txintxirri Ikastolako zuzendaria)
|