| Beldurrezko hamaika
ipuinek osatzen dute liburu harrigarri hau, non gizakiaren
alderik ezkutuenak, sinesgaitzenak eta maltzurrenak
agerian geratzen diren.
Jon Arretxek jauzi nabarmena egin du lan berri honetan,
baina bere betiko erremintak erabili ditu horretarako:
kontatzeko modu zuzena, ironia, ezusteak eta paisaia
exotikoak... Hori dena erabili du basauritarrak, maisuki
erabili ere, aspaldian egin duen lanik biribilena
gauzatzeko.
Ipuin klaustrofobikoak aurkituko ditu irakurleak hemen,
istorio odoltsuak eta sinestezinak, magia eta abentura
nahasian, pertsonaia korapilatsuak, muturrekoak batzuk,
hurbil-hurbilekoak besteak...
Bidaia liburuak alde batera utzi eta ipuingintzan
sartu da buru-belarri aurten Basauriko idazlea, eta
beldurra, izua aukeratu du kontakizunen hari moduan.
Aldartearen arabera, egoeraren arabera aukeratzen
ditu bere liburuetako gaiak Arretxek, eta oraingoan
beldurrezko zerbait idazteko gogoak bultzatuta eragin
dio imajinazioari.
Barruko harra zirin horrek bultzatuta beldur mota
desberdinak landu ditu Sustrai beltzak liburuan, misterioa
erantsiz, kontakizunak munduko leku desberdinetan
kokatuz, Mendebaldean nahiz Ekialdean, ezagutu dituen
egoera, pertsonaia eta paisaia errealak aprobetxatuz
fikzioa sortzeko.
Beldurraren arloan ez da erraza originala izatea,
baina, hala ere, Arretxe saiatu da irakurlea harrituko
duten istorioak asmatzen, eta ipuin guztiek dute tentsio
hori, xarma kilikagarri hori. Beldurrezkoak aspalditik
ditu gustuko bidaiariak, irratiko narrazio beltzak
entzuten zituenetik, Poe-ren ipuin goibel eta misteriotsuak
irakurri zituenetik, eta zineman ere beste horrenbeste:
beldurrezko filmak beti izan dira bereziak idazlearentzat.
Beldurra definitzen ere ausartzen da, akaso noiz edo
noiz sentitu duelako (nork ez): “Gogoko sentiera
bat dela esango nuke, azkenean pasatu egiten bada.
Izuaren osteko sentsazioa oso atsegina da”.
|
 |
Jon
Arretxe
Basauri,
1963 |
Doktorea Euskal Filologian, Lizentziatua Heziketa
Fisikoan eta piano-jolea. Umore trilogia batekin egin
zen ezagun (Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak),
baina bestelako generoak ere landu ditu, tartean bidai-liburu
arrakastatsuak idatziz (Hakuna Matata, Zazpi Kolore,
Ekialdeko mamuak, Griot…). Eleberrigintzan Manila
konexioa, Kleopatra eta Urrezko triangelua idatzi
ditu.
|